RECON ARKITEKTURA

Jarraitu Instagramen Jarraitu LinkedInen Zabaldu WhatsApp txata

Manifestua


Arkitektura pertsonon ondasun-borondateak elkartzen eta biltzen dituen espiritua dela sustatzen dugu.

Har dezagun beste baten gainean dagoen adreilu bat, berehala ondorioztatuko dugu norbaitek jarri zuela hor. Horrek esan nahi duena da, hemen dagokigun hitzetan, adreiluok zeramikan lantzeko eta labean egosteko, morteroa egin eta obran nahasteko, edota bata bestearen gainean kokatzeko esfortzua egin zela. Baina are gehiago, guzti hori gauzatu zedin, ahalegin bat egon zen, ideia bat, agindu bat. Ahalegin horretan bilatuz, borondatea topatuko dugu. Horren ondorioz bata bestearen gainean topatu ditugun adreiluak hala daudenaren arrazoi soil eta hutsa, norbitek horrela nahi izan zuelako da.

Baina arrazoi hau ez da ez soila ezta hutsa ere. Pretsonei haien ondarea egiteko borondatearen garapenean hamaika behar, nahitasun, ekintza… nahasten dira, hainbat prozesu abiaraziz. Hori hala da ondarearen kontzeptua ezin delako propietateari berdindu. Ondarea edonoren edo guztion, iraganeko edo etorkizuneko, material edo ukiezin diren ondasun guztien bilketa da. Ondorioz, ondare-borondate guztien artean ehuntzen den sarea hain da konplexua, non parte hartzaileek ere ezin baitute bereizi. Hona hemen arkitekturaz hitz egiteko beharra.

Arkitektura borondate horiek gehitzen dituen indarra da. Borondatea sortzen denean jaiotzen da, eta ez da inoiz hiltzen, intentzioak ondarearekin jarraituko baitu, baita haren aldaketa eta antzaldatzeekin ere, betirako. Horrela, gure adreiluak berreskuratuz, norbaitek jarri zituen hor, une zehatz batean, beharren bat asetzeko eta guzti horrek betirako lagunduko die, nahiz eta eragile berriek, borondate berriekin —beste jabeak edo denboraren igaropena, adibidez— lurrera bota ditzaten.

Arkitektoaren lanbidea pertsonen ondare-borondateak bideratzea da, eragiten ari den intentzio sare konplexuaren ulermenak ematen duen sentsibilitatearekin. Arkitekturan jardun egitea, ondarea ez dela ikus daitezkeen mugen artean bakarrik geratzen, iragan den eta etorriko denarekiko erantzukizuna duela ulertzea da, barne eta kanpo estimuluak, idatzitako legeak eta hartutako erantzukizunak haintzat hartuz.

Eduki dezakegun guztia ondarea da, eta ondarea sor dezakeen indar guztia arkitektura da.

Bilbon, 2018-ko uztailaren 6-an